Azalaren barrutik: zaindu eta pentsarazten duten irakurketak
Webgune berriarekin ahots propioa izango zuen espazio bat nahi genuen. Ez tratamenduen erakusleiho hutsa, baizik eta kabinan bizi duguna, ikasten goazena, benetan funtzionatzen duela egiaztatzen duguna… eta funtzionatzen ez duena ere idatziz jasotzeko lekua. Arnasa hartuko duen, gurekin batera mugituko den eta bizia izango duen espazio bat.
Erabaki estetikorik onena informazio argi eta fidagarriarekin hartzen dena dela sinesten dugu irmoki. Eta kasualitatea, eta zortea, da idaztea asko gustatzen zaigula (sare sozialak ez hainbeste). Idazteak gelditzera, dakiguna ordenatzera eta eguneroko jardunaz hausnartzera behartzen gaitu.
Gauza asko etengabeko prestakuntzan ikasten ditugu. Baina ezin dugu ukatu kabinan ere ikasten jarraitzen dugula: azal bakoitza, kasu bakoitza eta elkarrizketa bakoitza prozesuaren parte dira.
Zertarako sortu den blog hau
Horregatik sortu da blog hau: teknologia eta dermokosmetika hizkuntza praktiko eta hurbilera ekartzeko. Dakiguna, eta deskubritzen jarraitzen duguna, zintzotasunez, argitasunez eta benetako esperientziatik partekatzeko espazio bat.
Hemen aurkituko duzu tratamendu bakoitzak zer egiten duen, norentzat dagoen gomendatuta eta zure eguneroko errutinan nola txertatu. Mitoak ere desegingo ditugu, datu bitxiak kontatuko ditugu eta ebidentzian oinarritutako joerez hitz egingo dugu, moda zientziatik bereizten eta azala irizpidez zaintzen laguntzeko.
Ilusioz betetzen gaituen erronka (bikoitza)
Gutxienez hilean artikulu bat idaztea proposatu diogu geure buruari. Gutxi dirudi, baina guretzat erronka handia da: kabinako saioen artean egingo dugu, gure seme-alaben bizitza eta zaintzak ere uztartuz. Eta are zailago egiteko, erronka bikoitza izango da: euskaraz eta gaztelaniaz argitaratuko dugu, behar duen bezala. Ez da erraza, baina badakigu asko emango digula. Eta zuri ere ematea espero dugu.
Autozaintzarako espazioa
Azken finean, autozaintzarako espazio bat da hau. Hemen geuk ere ordenatu eta berrikusi behar ditugun kontzeptuak, ezagutzak, esperientziak eta galderak hitzetan jarriko ditugulako.
Bai, inork ez irakurtzeko arriskua dugu. Baina azkenean geure buruak irakurtzen baditugu… ez da ezer gertatzen. Egunero egiten dugunari buruz (azala zaintzea eta horrek dakarren guztia) gelditu, pentsatu eta idaztea bera autozaintzarako modu bat da guretzat.
Eta zuk ere irakurtzea, zalantzan jartzea edo zure erara aplikatzea erabakitzen baduzu… orduan espazio hau zurea ere izango da neurri batean.
Ongi etorri bidaia honetara! Sentitzera, hausnartzera eta zeure burua zaintzera gonbidatzen zaitugu… hemen ere, azalaren barrutik.